Albisteak

Ezkaba Ikastetxeak laugarren gela behar du

2017-03-08

Gaur dela hilabete eskasa izandako aurre-matrikulazio kanpainan 78 familiek izena eman zuten Antsoaingo Ezkaba Ikastetxean, beraien 3 urteko haurrek bertan ikas ditzaten. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak 19-20 ikasleko 4 gela irekitzea aurreikusten zuen, horretarako espazio baldintzak daude eta.

Baina Nafarroako Hezkuntza Departamenduak 3 gela soilik baimendu ditu, 25 ikasleko bakoitza. Modu honetan, 3 familia ikastetxetik kanpo utzi dituzte eta inguruko ikastetxeetara bidali.

Zentzu honetan, argi utzi nahi dugu Hezkuntza Departamenduak erakutsitako jarrera merkantilistak talka egiten duela 25 urtez aldarrikatzen, eta egunero gauzatzeko borrokatzen, daramagun eskola publiko berriarekin. Departamenduko arduradunei baliabideen kudeaketak hezkuntzaren kalitatea eta familien eskubideak ezin dituela baldintzatu esan nahi diegu. Eta horregatik, datozen egunotan eskolako ordezkarien eta Departamenduaren artean egongo diren elkarrizketetatik, datorren ikasturtean Ezkaba Ikastetxean haur hezkuntzako 1.go mailako 4 gela egotea, besterik ez dugu espero.

Bukatzeko, Sortzen Elkartetik gure babes osoa adierazi nahi diogu Ezkaba Ikastetxeko hezkuntza komunitateari, datorren ikasturtea 78 familia berriek osatutako 4 geleekin hasi nahi dute eta. Eta horretarako, Eskola Kontseiluan adostutako mobilizazio eta dinamika ezberdinak ari dira martxan jartzen.

Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde, hezkuntza burujabetza da giltza!

Sortzen Elkarteko prentsa oharra

2017ko martxoak 8

 

Ezkaba Ikastetxeko Eskola Kontseiluak zabaldu duen oharra:

EZKABA IKASTETXEAN 4. GELA IREKI

Iragan den otsailaren 24an, Ezkaba eskola publikoan inauteriak ospatzen ari ginela, jakin genuen Hezkuntza Departamentuak ez zituela onartu behar gure eskolan aurrematrikulatutako ume guztiak. Ez genuen horrelakorik espero, Ezkaba eskolak baduelako, izan, ume guzti horiek hartzeko bai lekua, bai gaitasuna, ume horien familiek eskatu dutena betetzeko alegia.

Antsoaingo Ezkaba eskola publikoan, egun, badaude lau (4) gelako beste maila batzuk, —are bost (5) gela 4. mailan—. Ezkaba Eskolaren orain aurrematrikulatu diren ume guztiak hartzeko beharrezkoa da 3 urtekoen lau (4) gela hori baimentzea. Halarik ere, Hezkuntza Departamenduak 3 urtekoen 4. gela hori ez sortzea erabaki du. Hori horrela, baremoa aplikatzera eta zozketa bat egitera behartuta, hiru ume Ezkabatik at gelditu egin dira; gainera, kaltetuei abisatzeko astirik ere ia-ia ez zen eman.

Honek guztiak beste ondorio larri bat dakarkio ikastetxeari, zeren eta 19-20 ikaslez osaturiko lau (4) gela eduki ordez, 25 ikaslez osaturiko hiru (3) gela izatera behartuko gintuzke, legez gehienezko kopurua horixe delarik. Dudarik ez dago, gehienezko kopuru hori izateak zuzeneko eragina du hezkuntza kalitatean, batez ere Haur Hezkuntzan,  bertan banakako arreta  ezinbestekoa delako.

Beraz, ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat Hezkuntza Departamentuaren erabaki horrekin, eskola publiko honen gaitasuna zedarritzen duelako, eta Ezkaba Eskolaren proiektuarekin bat egin duten familia guztiak onartzeko eskatzen diogu. Izan ere, guraso horiek guztiek Ezkaba lehenetsi dute, euskarazko D ereduan eta Antsoainen ikastea alegia.