Albisteak

Hezkuntza eta Burujabetza mahai-ingurua, martxoak 30 Iruñeko San Frantziskon

2017-03-21

Hezkuntza eta Burujabetza mahai-ingurua

Martxoak 30 osteguna, 18:00etan San Frantzisko eskolan

Euskal Eskola Publiko Berria eta Hezkuntza Sistema Propioa sortze aldera Sortzen Elkarteak hezkuntza burujabetza du aldarri eta eraikuntza bide. Herri eta auzo bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere eskolaren proiektua ahalik eta modu autonomoan garatzeko aukera gisa eta, Euskal Herri mailan hezkuntza komunitateak saretuz, eredu berri, kolektibo eta propioak eraikitzeko bide bezala ulertuta.

Norabide horretan, esparru ezberdinetan antolatutako herri mugimenduek hezkuntzari ekarpen handia egin diezaiokete, arloka burujabetzen eraikuntzarako irizpide eta bideak eskainiz. Sektore bakoitzeko protagonistek euren gain hartzen dute propioki esparru horren inguruko arazoari irtenbidea eskaini eta alternatibak eraikitzeko ardura: auto-eraketa, hausnarketa, erabakiak, elkarlana, auzolana...

Hau dela eta, hainbat esparruetako herri mugimenduetako eta hezkuntza komunitateetako hainbat lagunekin mahai-ingurua antolatu dugu Iruñean martxoaren 30ean, ekarpenak eta proposamenak jasotzeko asmoz. Elikadura, gorputza, hizkuntza, eta curriculum burujabetzetatik hausnarketa eta ekarpenak izanen ditugu mahai-inguruan, elkar elikatuz.

Hezkuntza eta Burujabetza mahai-ingurua, martxoak 30 Iruñeko San Frantziskon

Bideoak