Albisteak

Herria eta Eskola: Aldaketa, euskaratik eta Nafarroatik. (iritzi artikulua)

2017-04-20

Hodeiak pilatzen hasi dira gure buru gainean, eta gris argitik ilunera pasa dira… ekaitza dator.

Ingurura begiratzea besterik ez dugu etengabe gertatzen diren eguraldi aldaketez jabetzeko. Batzuetan, aldaketa horiek bat-batekoak eta muturrekoak dira, beste batzuetan, urrutitik ikusten dira, eta, beste batzuetan, apenas nabaritzen ditugu. Baina, mugimendua egon badago.

Horrela etorri zen aldaketa Nafarroako Gobernura, bat-batean. Askok denbora luzez desiratutako aldaketa, izan ere. Ordutik, aldaketa horren inguruan bueltaka gabiltza, norabidea eta abiadura, aldeko indarrak eta Erregimenaren itzala. Testuinguru horretan, azken 30 urtetan bezala, Vascuence Legearen pareta dugu, inoiz baino ustelagoa, inoiz baino zaharkituagoa, inoiz baino zentzugabekoagoa.

Baina Aldaketak, hizki larriz, bestelako aldaketa batzuk ekarri zituen, besteak beste, alderdi politikoek joko zelaian duten kokapenean aldaketa. Eta Erregimenak orduan, Vascuence Legearen paretaren azpian aurkitu zuen behar zuen itzala. Aldaketaren eguzkiak gogor jotzen du, eta, horregatik, pareta hori konpontzen, egonkortzen saiatzen ari dira egun bat bai eta bestea ere bai, erregimenaren aldekoak, lan horretan tresneria guztia mahaigainean jarriz: komunikabideen eguneroko matraka, bide judiziala Administrazioen erabakiak geldiarazteko, ezezagunen mehatxuak beldurra zabaltzeko, jazarpen poliziala eta isunak aldarrikapenak isiltzeko, eta aldi berean, tribuna politikoetan, euskara politizatzearen kontra omen zeudenak, euskararen erabilera politikoa banderatzat hartzen. Azkenengo hau da gure ustez larriena.

Erregimena euskara lubaki bihurtu nahian dabil  Nafarroako euskalgintzatik euskara haizea dela aldarrikatzen ari garen honetan. Erregimen zaharrari, beraz, mezu bakarra: onar ezazue! iragana zarete, elkarbizitzarako minbizia, beraz egin bazterrera bidean, aldaketa euskaraz dator eta!.

Bitartean, etorkizuna ate joka dabil. Vascuence Legearen paretan D ereduan lerro berri bat irekitzen den bakoitzean, Erregimenaren erraietan ere beste pitzadura bat irekitzen da. Azken bi urteotan dozenaka familiei esker euskararen ibaiaz bustitzen ari dira Tafallako, Zudaireko, Lodosako, Abartzuzako edota Kaparrosoko eskolak. Aldaketa heldu da eskola horietara ere, famili horiek eraman dute Aldaketaren erritmoa beraien eskoletara, euskararen soinuaren bidez. Datorren urtean, Erriberriko, Antzineko eta Alloko eskoletan jolastuko dute euskaraz. Eta euskararen ibaiari bidea oztopatu nahi dion pareta horretan, pitzadurak handitzen joango dira. Behetik gora, aurtengo Sortzenen Jairako abestian rapeatzen duten bezala: entzun dadila herriaren algara, motel goaz baina urrun ailegatuko gara; hezkuntza burujabetza da giltza.

Eta horretan geundela, Aldaketak beste haize bolada goxo bat ekarri du, beste pitzadura bat Vascuence Legearen paretan. Zonalde ez-euskalduna deritzoten, Nafarroako eremu diskriminatuko udalek abiatu duten xirimiriaz ari gara: Erriberri, Zangoza, Tafalla, Obanos, Murieta, Iturriaga, Billatuerta, Zirauki, Mendigorria, Antzin ... Eskolen aldaketari, udalena gehitu zaie, urteetako diskriminazioari buelta eman nahian. Berriro ere, behetik gora, Udaletatik Parlamentura. Hezkuntza burujabetza eta hizkuntza burujabetza. Hogeita hamar herri baino gehiagotan udalbatzek Aldaketa eraman nahi dute beraien herrietara, diskriminazioa atzean utziz, eta Nafarroako biztanle guztientzako hizkuntza-eskubide berberak aldarrikatuz.

Pozik jaso dugu Aldaketarako bultzada berri hau: Herria eta eskola, gure jendartean bi zutabe nagusienetakoak. Nafarroako jendartearen burujabetzarako bi eremu garrantzitsu, Aldaketaren norabideari argi-seinaleak piztuz, eta Nafarroako hegoaldean, euskarari, bide berriak zabaltzen ari direnak.

Bukatzeko, gure besarkada beroena udal ordezkari guzti horiei. Ongi etorriak dagozkigun eskubideak eskuratzeko ahalegin oro. Gure babes guztia, Aldaketaren alde, euskaratik eta Nafarroatik arnasa hartu nahi dutenei. Jomuga beti, hizkuntza- eta hezkuntza-eskubideak erabat bermatuko dizkiguten lege berriak.