Albisteak

Mobilizazioak eta sinadurak Txantreako Bernart Etxeparen

2017-06-01

Gaur, Txantreako Bernart Etxepareko Guraso Elkarteak, ehunka sinadurak aukeztu ditu Hezkuntza Departamenduan. Eskaera zehatza: datorren ikasturtean, auzoan pasa den ikasturtetik bizi den 7 urteko haur bati plaza ematea.

Aste honetan ere, kontzentrazioa burutu zuten eskolako atarian. Modu berean, egun batzuk eman dituzte sinadurak biltzen eskolako patioan, eta hauxek dira gaur Hezkuntza Departamenduaren aurrean aurkeztu dituzten 500 ta piko sinadurak. Aurtengo ikasturtea hasi baino lehen egin zuen familiak lehenengo eskaera. Ezetzaren aurrean, Departamenduaren arabera lekua ez zegoelako, ondoko herriko eskola batean izena eman behar izan dute. Baina familiaren asmoa eta eskubidea argi dago, bizi diren auzoko eskolako partaideak izan nahi dute.

Sortzen Elkartetik, auzoa-herria eta eskola elkarrekin eta elkarlanean ulertzen dugun bezala, ezin dugu ulertu egoera hau. Ezin dugu auzo bateko eskola batetik auzokidea den inor kanpoan utzi. Eskola inklusiboa da gurea, inor atzean edota kanpoan uzten ez duena, auzolanean eraikitzen dena, auzoko bizitza sozio kulturalean txertatua. Beraz, aitzakirik ez! Bernart Etxeparen ere denontzako tokia.

Hona hemen familia honek argitaratutako informazio oharra:

AUZOKIDEAK GARA ETA AUZOAN BIZI NAHI DUGU

Txantrean bizi den bikote arrunt bat gara. Azken urte betean ordea, egoera benetan

desatsegina bizitzen ari gara gure semearen eskolatzea dela eta.

2016ko maiatzean hasi zen gure kalbarioa. Familia egoera aldatu zitzaigun eta urte

batzuk lehenago utzitako auzora itzultzea erabaki genuen. Etxe berria Txantrean erosi

eta bizi ginen herritik bueltatu ginen gure auzora, gure familiaren auzora. Hezkuntza

sailera joan aurretik, zuzenean bisita hitzordua eskatu genuen Bernart Etxepare

eskolan eta berehala egin ziguten harrera ezin hobea. Hori bai, jakinarazi ziguten LH1.

mailan plaza bat baino ez zela gelditzen. Hezkuntzara joan ginen orduan. Bertan

ohartarazi ziguten aurre matrikula epea amaiturik zegoenez irailera arte itxoin behar

genuela. Ordurako paper guztiak batu eta epe barruan eraman genituen. Argi eta garbi

adierazi genuen Bernart Etxepare zela gure aukera, eta erabaki hori, bi irizpide

sendotan oinarritzen zela: gertutasuna (gure etxetik eta aiton-amonen etxetik oinez 2

minutura baitago) eta eskola-proiektua. Azken hau aski ongi ezagutzen dugu, gure

txikiaren ama bertako ikasle ohia baita.

HEZKUNTZA SAILAREN ERANTZUNA ETA MODUAK EZ GENITUEN ESPERO

Matrikulazioaren afera amets gaizto bilakatu zitzaigun. Aurre ikusi gabeko frustrazioa

izan genuen gure txikiari auzoko ikastolako ateak itxi zitzaizkionean. Izan ere, bi familia

ginen eskaera egin genuenak eta toki bakarra zegoen.

Halere, plaza kopuruaren azalpena ez genuen ongi ulertzen, Etxepare zentroan ikasgela

hutsak gelditzen baitira. Gainera, gure eskaera data ikusita denbora aski eta soberan

zegoen lerro berria zabaldu eta kurtso horretan 2 beharrean 3 klase egon zitezen.

Bidean aurrera egin genuen eta hezkuntza sailera joan ginen berriz. Oso modu txarrean

hartu gintuzten. Ez ginela bereziak, baizik eta kexua zuten beste familia bat gehiago

baino ez eta gure zeregina beste zentro bat aukeratzea zela entzun behar izan genuen.

Berriz ere ate-kolpea sudurretan sentiturik alde egin genuen Hezkuntzatik. Aurrez,

gure kasua berriz hausnartzeko eskatu genien. 3 egun luzetan Bernart Etxeparen

onartuko ote zuten erantzunaren zain izan ginen.

 

IKASTURTEA HASITA ZEGOELA BEHIN BEHINEKO MATRIKULA EGIN GENUEN EZKABA

ESKOLAN

2016-2017 ikasturtea hasteko egun bat baino ez zen gelditzen eta erantzuna jaso

genuen: aurrekontuak itxita zeudenez ezin zutela ezer egin. Alegia, ez zegoen 25

ikasletara ratioa zabaltzeko borondaterik ez eta hirugarren gela jartzekoa ere. Eta

trukean alternatibarik ez ziguten ematen, gainera. Irailaren 7arekin ume denak hasi

ziren ikastolara joaten eta gurea ez. Hezkuntzara behin eta berriz hots egiten genuen

gure umea zentrorik gabe zegoela adierazteko. Astebete itxoin eta plaza bat emanen

ziotela esan ziguten. Ez genuen hainbeste itxoin nahi eta etengabe deitu genuen.

Azkenean, irailaren 8arekin Antsoaingo Ezkaba eskolan hasi zen gure txikia. Ez zitzaigun

besterik gelditzen, nonbaiten eskolatu behar baikenuen. Hori bai, Hezkuntzan ziurtatu

zigutenez hurrengo urtean, eskaera epeen barruan eginez gero, oraindik ere

aurrekontuak zabalik egoten direnez, lerro berria edo bestelako mugimenduak egiteko

modua izanen zutela. Gezurra.

 

BEHIN BEHINEKO EGOERA BEHIN BETIKOA DA ORAIN: AURTEN ERE ITXI DIZKIGUTE

BERNART ETXEPAREKO ATEAK

Gauzak horrela eta bestelako aukerarik gabe Antsoainen eman genuen izena, gure

asmoa ordea, hurrengo ikasturtean leku-aldaketa eskatzea zen. Eta horrela egin berri

dugu. Bigarren mailan has dadin aurre-matrikula osatu genuen, jakinda, Hezkuntzak

beste lerro bat irekiko zuela hitza eman zigula. Baina hitza jan egin du. 2017ko

martxoan, hau da, epearen baitan eskaera egin dugu eta erantzuna, berriz ere, ezezkoa

izan da. Esan  digutenaren arabera mutikoak Antsoainen ikasten jarraitu beharko luke

eta ez Txantrean, bere auzoan.

Eta oraingo honetan bai, gure tristura izugarria da. Izan ere, gure etxetik kasik Bernart

Etxepare zentroko hormak ikusten ditugu. Gure semearentzat amesten genuena berriz

ere ukatu digute. Eta iazko argudioak, epez kanpo ari ginela, ez dira aurtengo arrazoi.

Egia esan, dagoeneko ez dugu arrazoibiderik antzematen. Indarrik gabe eta zeharo

atsekabeturik sentitzen gara. Gure semeak auzoan bizimodua egin dezan bertan

ikasteko aldarrikapenean laguntza behar dugu. Zuen laguntza. Ez delako guraso biren

kapritxoa, ume baten eskubidea da.

 

Mila esker, benetan, zuen arreta eta ulermenarengatik.