Albisteak

Nafarroako Elkargunearekin, ikasturteari hasiera

2017-10-10

Ikasturte berri honek erronka berriak bezain garrantzitsuak dakarzkigu eta, horregatik, Nafarroako Sortzen Elkarteko bazkideak elkartu ginen larunbat honetan Antsoaingo Ezkaba ikastetxean, gune bat antolatuz, erronka horien inguruan hitz egiteko eta erabakiak hartu ahal izateko.

Elkargune horretan, zenbait gai mahai gaineratu genituen:

Gure elkarteko komunitatea indartzeari begira jarri genuen puntuan, Guraso Elkarteentzako GIDA aurkeztu genuen. Dokumentu honekin, lan-formakuntza eta gogoetarako tresna bat eskaini nahi diegu gure bazkideei, eta guraso elkarteetan dabilen jendeari, edo orain dela gutxi lanean hasi direnei. Eduki hauek, urtero aldakorrak izatea aurreikusten dugu, momentuko beharrei erantzun egoki bat eman ahal izateko. Bestalde, elkartearen jarduna eta filosofia azaltzen duen “Zer da Sortzen?” bideoa aurkeztu genuen.

Landu genuen beste gai bat, urtero ospatzen dugun Jaia izan zen. Iazko esperientzia oso positiboki baloratu genuenez, eta lan-ildo berea jarraitzea erabaki zen, baina horretan sakontzeko joerarekin. Horretarako, alde batetik, maiatzaren 20ean eta berriro Iruñean Jaia ospatzea erabaki genuen. Bestetik, antolakuntza, Sortzeneko bazkideen artean banatzea egoki ikusi zen, guk eta guretzat, D ereduko hezkuntza komunitatearentzat eginiko jaia lortzeari begira.

Eguneko gai potoloenari heltzeko garaia heldu zen, eta urteko lehentasuna Euskarari ematea proposatu genuen. “Euskara” hartu dugu enborrezko gai gisa ikasturte honetarako, eta erabaki hau hartzeko hiru arrazoi ditugu:

  • Alde batetik, Diman eta Egiako Aitor Ikastolan garatzen ari garen Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proiektuak bost urteko fasea bete duelako, eta orain da momentuan beste hezigune batzuek hizkuntza proiektua garatu ahal izateko gida praktikoa publikatzeko.

  • Beste aldetik, bi urte dira aldaketa politikoa Nafarroan eman zenetik. Euskarak, Nafarroa osoan, status ofiziala denon artean lor dezagun, Hezkuntza Komunitatea aktibatu nahi dugu. Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea Nafarroa osoan lortu arte.

  • Bukatzeko, D ereduan, euskarazko murgiltze eredua den aldetik, familien eta komunitate osoaren inplikazioak duen garrantziaz aritu nahi dugu. Euskararen lekua ez da eskoletako lau hormen artekoa, baizik eta etxea, auzoko denda, kaleetako seinalea... Honengatik, familietan eta guraso elkarteetan euskararen aldeko aktibazioa bilatu behar dugu, gure eskolak irlak ez direlako, eta ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen eskola behar dugulako.

Guzti honengatik, ikasturtean zehar aurrera eramateko zenbait ekimenei argi berdea eman genien, horien artean, euskararentzat Nafarroa osoan ofizialtasuna eskatzeko dinamikak babestea, familien artean euskararen erabilera bultzatzeko iniziatibak, edota Jaian, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen eskola lortzeak duen garrantzia azpimarratzea.

Bukatzeko, gure bazkideekin, aurten ere, Errigorak bultzatzen duen kanpainan parte hartuko dugula partekatu genuen. Nafarroako Erriberako produktuak, ekologikoak, etxeetara ekartzen, auzolanean, eta gainera, Erriberan euskararen aldeko urratsak bultzatzen. Gure kasuan, Errigorako saskiekin lortzen dugun diru kopurua, D ereduko lerro berriak Erriberako eskola publikoetan zabaltzen, babesten, eta laguntzen inbertitzen dugula gogoratu genuen. Aurten, Haizea Dinamika izena jarri diogu ekimen horiei.

Haizea Dinamikarekin, besteak beste, Erriberan sortu diren D ereduko lerro berriekin batera ekimen ezberdinak burutzea erabaki genuen: familietan euskararen erabilera bultzatzea jolasen bidez, aurre-matrikulazio kanpainarako euskarri komunikatibo propioak editatzea, edota Besarkatu ekimena berreskuratzea (2016ko apirilean Tafallan ospatu genuena).

 

Sortzen Elkartea

Iruñea, 2017ko urriak 10

 

Guraso Elkartea GIDA 17-18

Nafarroako Elkargunearekin, ikasturteari hasiera

Bideoak