Albisteak

Euskara izoztua dago Nafarroako Unibertsitate Publikoan

2017-11-09

Aste honetan, Sortzen Elkarteak bat egin du Iruñerriko Euskalgintzarekin eta Unibertsitateko zenbait sindikatu eta ikasleen taldeekin, oinarrizko aldarrikapen baten inguruan: Euskarazko eskaintza handitu beharra dago NUPen. Aldi berean, unibertsitate honen Euskararen Plan Gidaritza kritikatu dugu.

Argi utzi nahi dugu D ereduko ikasleen eskubidea dela, Unibertsitatean ere, beraien ikasketak euskaraz egin ahal izatea. Beraz, gure babes osoa datozen egunotan egingo diren ekimen guztiei. Hona hemen aste honetan eman genuen prentsaurrearen testua: (Argazkia Javier Bergasarena da)

Garbiñe Petriatirekin elkarrizketa Nafarroako Hitzan (2017ko azaroa)

NUPeko lau ikasleekin elkarrizketa Nafarroako Hitzan (2017ko azaroan)

Prentsaurrekoaren deitzaileak Sortzen, ELA, LAB, STEILAS, Iruñeko Euskalgintza, NUP ikasleak, NUPeko langile talde bat eta Behatokia.

Gaurkoan NUPek abuztuan aurkeztutako Euskararen plan gidariari buruzko iritzia eman nahi dugu. Errektoretza berriaren lehendabiziko euskara plana izanik eta 10 urte planik gabe egon eta gero, ikusmira genuen. Eta zoritxarrez, plazaratu dutena benetan eskasa dela esan beharra dugu hainbat arrazoi dela eta:

  1. Plana abuztuan zabaldu da eta horrek ikasleen eta gizarte eragileen parte hartzea zaildu du. Gehituko genuke, plana ezagutarazteko lan handiegirik ez dela egin.

  2. Planaren gabeziarik larriena honako hau da: gaur osorik euskaraz eskaintzen den ikasketa bakarra, NUP sortu baino lehenago ere euskaraz zegoen Magisteritza da. Alegia, NUPek ez du bere historiako 30 urteetan sekula gradu oso bat euskaraz emateko ahaleginik egin. Plan honek ere ez du halako proposamenik jasotzen, nafar gizartean ikasle euskaldunen proportzioa etengabe handitu den arren, egun %30 izateraino.

  3. Euskararen plan gidariak Unibertsitate osoaren euskarazko jarduna plangintzatu behar duen aldetik, planen oinarrizko ezaugarriak, gutxienez, espero genituen: diagnostiko sakon bat, helburu estrategikoak ongi definituak, horiek indarrean jartzeko ekintza eta baliabide zehatzak, eta hori guztia denboran egoki antolatuta. Horren ordez, diagnostiko arin bat, helburu estrategikorik ez, eta proposatzen diren ekintzak denboran kokatu gabe eta horretarako baliabiderik aurreikusi gabe.

  4. Eskaintza akademikoari dagokionez, ikusten dugu helburuak ez daudela batere definituak. Euskara eskaintza handitzeko kreditu kopuru bat ematen da (488), kopuru hori zergatik den arrazoitu gabe, esan gabe zein ikasketetan izanen den hazkunde hori, zein epetan eginen den, zer giza baliabide eta baliabide ekonomiko bideratuko den horretarako... Tamalez, orain arte bezala planak inprobisazioari eta boluntarismoari erantzuten diola deritzogu. Areago, NUPek kontratatuak dituen irakasleek duten euskararen ezagutzaren arabera euskarazko eskaintza eginen dela esatera ausartzen gara. Begi bistakoa da plan honek ez duela jasotzen egiten duen planteamenduaren inguruko hausnarketa estrategikorik.

  5. Alde horretatik, hor dago Erizaintza Eskolako egoera (eskaintzarik urriena/ikasle euskaldunen ehunekorik handiena). Alegia, euskarazko ikasketen eskari potentziala handiena izateko baldintzak betetzen diren tokian, hortxe da eskaintza urriena, hain justu (Erizaintza ikasleen erdia baino gehiago euskaldunak dira). Eta horretaz gain, aintzat hartuta Erizaintzako ikasleak proportzio handi batean zerbitzu publikoetako langile izango direla, oraindik eta larriagoa da afera. Izan ere, herritarrek Nafarroan osasungintzan euskaraz artatuak izateko eskubidea behin eta berriz urratua daukate, nagusiki euskaraz trebatutako profesional euskaldunik ez dagoelako. Gainera, uste dugu Plan Gidari honek ezartzen dituen ildoekin, ez dela gaindituko akats hori.

  6. Harrigarria iruditzen zaigu, bestalde, Planak ez aurreikustea inolako prospekzio-lanik Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean egitea, jakiteko Unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz jarraitzeko borondaterik daukaten, eskaintza egonez gero; zein diren ikasle hauen lehentasunak eta interesak, zer ikasketa nahiago lituzketen… Uste dugu datu horiek denak, ikasleentzat eta familientzat ez ezik, Unibertsitatearentzat berarentzat ere oso datu interesgarriak direla, haietatik abiaturik programatzen ahalko lukeelako eskaintza, edo eskaintzaren alderdi batzuk.

Hau guztia esanda, azken egunotan planari buruz NUPeko arduradunen ahotik entzuten ari garen balorazio triunfalistek auzo lotsa ematen digutela esan nahi dugu.

Nafarroako Unibertsitate Publiko errektoretzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu aurkeztu duen Euskararen Plan Gidari hau birmolda dezatela, ikasleen eta gizarte eragileen parte hartzea bermatuz. Diagnostiko sakon batean oinarrituz eta euskarak ikasleen artean eta ikasketa ezberdinetan izan ditzakeen aukera eta potentzialtasunak kontuan izanik, helburu estrategikoak ongi definitu ditzatela, horiek indarrean jartzeko ekintza eta baliabide zehatzak proposa ditzatela eta denboran nola garatuko den planifika dezatela.

Euskara izoztua dago Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Bideoak