Albisteak

Abenduaren 2an, Diman, aurkeztuko da EskolHerrianEuskaraz: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hezteko Hizkuntza Proiektuaren Gida Praktikoa

2017-11-21

Sortzen Elkarteak, Ikasle Euskaldun Eleaniztunak heziko dituen Hizkuntza-Proiektua garatzeko Gida Praktikoa aurkeztuko du, abenduaren 2an Bizkaiko Dima herrian burutuko dugun ekitaldian. Ekitaldia irekia izango da; 12:00etan Dimako Eskolan.

Hizkuntza-proiektua ikastetxe guztiek sortu behar duten dokumentua da. Bertan, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan oinarrituta, hizkuntza-helburuak finkatzen dira, eta ondorioz, hizkuntza ezberdinen irakaskuntzarako irizpideak eta ikastetxeak dauzkan, barne zein kanpo harremanetarako hizkuntza-irizpideak ere jaso behar ditu.

Gaurkoan, Egiako Aitor Ikastolan, guk egin dugun Gidaren izena aurkeztu nahi dugu: EskolHerrianEuskaraz. Eta horrekin batera logoa ere aurkezten dugu.

Hizkuntza-proiektua egiteko diseinatu dugun Gidak horixe baitu ezaugarri edo bereizgarri egon daitezken beste batzuekiko, hau da, prozesu berean eta elkarlanean egiten dutela bidea ikastetxeak eta komunitateak. Prozesuaren amaieran ikastetxeak bere hizkuntza-proiektua berriztuta izango du eta komunitateak euskara plan osagarri bat izango du herri eragile zein herritar norbanakoen atxikimendu ahalik eta zabalenarekin gauzatzekoa.

Sortzen Elkarteak, kontseiluak duela ia 10 urte egindako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamen teorikoan oinarrituta, helburu horri bide emateko esperientzia praktiko bi abiatu zituen, bi testuinguru soziolinguistiko oso ezberdinetan : Bizkaiko Dima herrian eta Donostiako Egia auzoan zehazki.

Dimako eskolan zein Egiako Aitor Ikastolan ikastetxeko hizkuntza-proiektua berriztea izan da apustua, hori bai, irizpide berrien baitan eta hezkuntza-komunitate osoa prozesuaren partaide bilakatuz. Baina, ez hori bakarrik, prozesua ikastetxeetatik harago, komunitatearekin elkarlanean garatzea izan da benetako erronka, izan ere, ikasle haur zein gazteak bere komunitatearen baitan euskaraz bizi daitezen bermatzeko herri/auzoetan euskararentzako eremu berriak irabaztea ezinbestekoa baita.

Gaur prozesu pilotu horiek, esperientzia gisa, bukatuta daudenean esan dezakegu emaitza oso positiboa izan dela eta irakaspen garrantzitsuak atera ditugula beste toki batzuetan proiektua abian jarri ahal izateko.

Azpimarratu nahi dugu Gida hori egiteko lanean bidailagunizan ditugula: Euskararen gizarte erakundeen Kontseilua, Huhezi edo Elhuyar, besteak beste. Eskerrak eman behar dizkiegu denei, beraien ekarpena benetan garrantzitsua izan baita proiektu hau aurrera eraman ahal izateko.

Abenduaren lehen asteburuan Euskararen egunaren testuinguruan, Diman ekimen ugari izango dira, urteotan Hizkuntza-Proiektua lantzen aritu diren dimostarrek antolatuta. Proiektuaren lanketan hezkuntza-komuitate osoarekin batera, herri eragileak, udala zein herritar norbanakoak ere izan dira, eta denen artean, elkarlanean eskolarako hizkuntza- proiektua berriztu eta herri mailako plangintza bat osatu dituzte.

Diman eta Egian bizitako esperientziaren isla izan nahi du abenduaren lehen asteburuak, eta hortxe kokatu nahi izan dugu Sortzenek egin duen Gida orokorraren aurkezpena ere.

Horrela, abenduaren bian egingo dugun ekitaldirako deia zabaltzen dugu gaur. Belaunaldi berrien euskalduntzea eta euskaraz bizi daitezen bermatzea, hezkuntza eremuan gabiltzanon ardura izateaz gain gizarte eragile eta herritar ororen kezka eta ardura ere badela pentsatzen baitugu, eta norabide horretan egingo dugun aurkezpena aberasgarri izango delakoan.

Eskolan euskaraz; herrian euskaraz; eskola eta herria elkarlanean, euskaraz: ESKOL HERRIAN EUSKARAZ, horixe daukagun erronka.