Albisteak

Etxarrin ospatuko da apirilaren 21ean, Ekin Gurekin lemapean, Sakana Herri Eskolekin Sortzen jaia

2018-04-11

Sortzen Elkartea:


Berrogei kilometro eskas, 15 udalerri, 20 mila biztanle... eta bederatzi eskola publiko. Hau izan daiteke Sakana ezagutzen hasteko lehenengo hurbilpen bat eta, gehien bat, esandakoa, Sakanako bederatzi herri eskolen bidez ezagutu.

Ahal dugun guztietan, Sortzen Elkartearen indar nagusia eskoletako eragileak direla gogoratzea garrantzitsutzat jotzen dugu: guraso elkarteen kemena, irakaslegoaren dedikazioa eta ikasleen alaitasuna, alegia. Eta Sakana bezalako bailara batean, are gehiago. Eskola txikiak daude, baita handixeagoak ere, baina guztiak herriarekin lotuak, herri eskolak baitira. Hori da Sortzen Elkartearentzat nahi eta amesten dugun Hezkuntza Sistemaren oinarria, eskola eta herria, hain zuzen ere: herriaren beharrei erantzungo dien eskola eta, aldi berean, herria eraldatzen, jendarte justuago bat lortzen, lagunduko duen eskola.

Sakanako eskolak, Irurtzundik Olaztira, eskola euskaldunak dira, beraien herrien aniztasuna barnebilduz, Beriain, Urbasa eta Aralar mendizerren magalean elkarbizitzaz mintzatzen direnak. Aurten, apirilaren 21ean Etxarrin, egun osoan zehar, Sakana Herri Eskolekin Sortzen Jaia ospatuko dugu. “Ekin Gurekin” da Etxarriko eskolak hautatu duen leloa. Elkarlanerako dei bat da, elkartu eta eragin, gurekin batera, zu ere gu izateko, eta gu, zurekin, “gu-ago” izaten jarraitzeko.

Jai egun polita izan dadila, Sakanako herri eskolek merezi dute eta! Beraz, zatoz eta ekin gurekin, herri eskolekin batera Sakana sortzen, zaintzen, elikatzen, babesten, indartzen... eta, batez ere, maitatzen!

 

Etxarriko San Donato Ikastetxeko Zuzendaritza taldea:


Festa honen sorrera duela 10 urte izan zen eta helburua Herriak duen eskola euskaldun eta publikoa ezagutaraztea eta maitatzea zen. Garai hartan herri eskola hau gutxietsia zegoen eta argitasuna bilatu nahian, beste gauza batzuen artean, festa hau antolatu genuen. Aurten berriz ere beste egoera batetik abiatuz, lekukoa hartu dugu eta guraso eta komunitatearen elkar lanarekin kemen, ahalegin eta ilusioz jai ederra prestatu dugu.

Egun, San Donato euskalduna, publikoa, inklusiboa, berritzailea eta bere ikasleen ongizatearen konpromezua duen herri eskola bezala ezagutzen da.

Baina gure hezkuntza proiektua haratago doa eguneratutako kalitatezko hezkuntza eta zerbitzua eskaintzen ahalegintzen gara. Gure ikasleak konpetentzien aldetik, goi mailako emaitzak lortzea, gizartean integratuak eta etorkizuneko erronketarako prestatuak izatea nahi dugu. Balioak ere gure ardatz dira, besteak beste, ezberdintasunean heztea, ardurak eta erantzukizunak hartzen jakitea eta ahaleginean eta konstantzian trebatzea. Eta noski herrian uztartutako eskola izateko lanean jarraituko dugu.

Aurten apirilaren 21ean San Donato Ikastetxean “EKIN GUREKIN” leloarekin ospatu behar dugu festa. Eskolatik Sakanara bidali nahi dugun mezua zera da:

Ekin gurekin euskaraz eta euskararekin, ekin gurekin etenik gabeko hobekuntzan eta kalitatearekin, ekin gurekin berdintasunean, inklusioan eta ekin elkar lanean gurekin.

Irakasleak, ikasleak eta gurasoak Proiektu honetan biziki sinesten dugu eta horregatik EKIN San Donato Herri eskolarekin, apirilaren 21ean!!!!

 

EGITARAUA (Edurne Imaz, Jai batzordeko kidea eta Etxarriko eskolako ama):


Egun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 21erako, Etxarriko herriko plazan, kioskoaren eta udaletxearen inguruan.

  • 11:00etatik 13:30etara: Eskoletako tailerrak plazan, puzgarriak, eta postreen zozketarako tiket salmenta. Basabereko animaliak egongo dira ere.

  • 12:00etan: Erraldoiak eta gaiteroak. Irurtzungo Iskidi yoaldun txikiak.

  • 13:00etan: Ekitaldia eta postreen zozketa.

  • 13:30ean: Flshmoba, oholtzan.

  • 14:00etan: Haurren Bazkaria herriko pilotalekuan.

  • 15:00etan: Helduen Bazkaria herriko pilotalekuan.

  • 14:30etatik 16:30etara: Puzgarriak eta rokodromoa herriko frontoian.

  • 16:00etatik 17:00etara: Poniak, oinezkoen alderdian.

  • 17:30ean: Eskolatik Oholtzara ikuskizuna, Sakanako eskoletako taldeen parte-hartzearekin.

  • 18:00etan: Txokolate jana.

  • 18:30ean: Xaiborrekin dantzaldia

  • 20:00etan: DJ Txuma kioskoan

  • 22:00etan: Zezensuzkoan eta Jaiaren amaiera.

Egun osoan zehar, tiketak amaitu arte, Tonbola egongo da, Sakanako dendek eta entrepresek emandako produktuekin osatua. Aukera hau probestu nahi dugu jai eguna antolatzeko laguntza eskaini diguten komertzio eta entrepresak eskertzeko, baita antolakuntzan egon diren, eta egunean bertan txandak betetzen ibiliko diren eskolako guraso eta irakasle guztiak ere. Mila esker!

Beraz, EKIN GUREKIN, eta jaso ezazue gonbidapena, apirilaren 21ean Etxarrin ospatuko dugun Sakana Herri Eskolekin Sortzen Jaira hurbiltzeko.