Albisteak

[D] Eredu komuna, baita zurea ere

2019-01-25

Aurrematrikulazio garai berria gurasoek haurrentzako nolako etorkizuna nahi dugun erabakitzeko unea ere bada.

Hautua egiterakoan hizkuntzarena funtsezko eta oinarrizko irizpidea da: aukera eman nahi diegu euskaratik, euskaldun izatetik, eleaniztun izan daitezen (Euskal Herrian euskaraz bizitzeko gai eta, era berean, bai berton zein munduan beste hizkuntza batzuetan aritzeko gai), ala, aukerak murriztuko dizkiegu beraien garapenerako, eta Nafarroako berezko hizkuntza baztertuz elebakar edo elebidun (gaztelera-ingelesa..) bizi daitezen nahi dugu?

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen dugu, eta zer da hori? Nola ulertzen dugu guk?

Hasteko, belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza. Aukera berdintasuna oinarri izango duen hezkuntza. Bermatu behar zaigun eskubidea. Eta Nafarroan, Euskal herri osoan bezala, erronka horrek euskara behar du ardatz, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme, etorkizunerako zutarri.

Honezkero argi dago hizkuntza bat baino gehiago ikasteak aberastu egiten gaituela; badakigu elebidun izanik beste hizkuntza batzuk ikastea erraztu egiten dela; eta badakigu jakin, bizi garen lurraldeko berezko hizkuntza, euskara, desabantaila egoeratik atera nahi badugu ikaskuntza prozesuaren ardatz bilakatu behar dela. Hori izango da berme bakarra ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko norabidean urratsak ematen joan gaitezen, eta elkarbizitzarako ekarpen positiboa eta eraikitzailea izango da gainera.

Euskara hizkuntza gutxiagotua da. Euskaldunoi bizi garen Nafarroako zonaldearen arabera aitortzen zaizkigu, ala ez, hizkuntza-eskubideak eta ondorioz hezkuntza-eskubidea. Horrela iritsi gara, 2019 honetan, gure seme-alabak matrikulatzeko unera. Eta, beste behin ere, ikusi beharko dugu Nafar lurraldearen eremu zabalean mugatuak daudela gure seme-alaben hezkuntza eta hizkuntza eskubideak. Are gehiago ikusiko dugu oraindik orain legez babestua dagoela euskararen bazterketa eta desabantaila egoera hori. Hezkuntzak aukera berdintasuna bermatu behar du eta hori ez da posible indarrean dagoen Vascuence legearekin, lege baztertzaile eta segregatzaile horrekin. Eukaraz bizi eta ikasteko eskubidea bermatu behar zaigu nafarroi.

Horrek murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du, hori egutegian epeekin zehaztea, eta baliabide askotarikoak esleitzea administrazioaren aldetik. Plangintza integrala, daukagun errealitatetik abiatuz ekiteko lanari, azkar baino etenik gabeko lan iraunkorra eginez, politika aktiboak garatuz desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskara positiboki sustatuz.

Aurtengo aurrematrikulazio kanpainari dagokionez Sortzenek D ereduaren inguruko informazioa zabalduko du ideia nagusi batekin: gure eredu komuna da, baita zurea ere. Ikasle euskaldun eleaniztunak hezten ditu murgiltze ereduaren bidez. Konfidantzazkoa da, gaitasunak lortuz eta ikasleen bizitza erdigunean jarriz. Hurbila da, herri/auzo bizitzan sustraiturik pertsona alai eta kritikoak sortuz.

Bestalde, bereziki Nafarroa hegoaldeko herrietan, jolas tailerrak egin eta aldizkari bat zabalduko dugu, hegoaldean euskaraz eta publikoan ikasteko aukera zabaltzen hasi zenetik irekitako lerroen esperientziak jasotzen dituena (Tafalla, Lodosa, Kaparroso, Allo, Antzin, Erriberri, Barasoain, Azkoien eta Sesma).