Nortzuk gara

SORTZEN Elkartea sare publikoko ikastetxeak bere osotasunean hartzen dituen erakundea da, hau da, bertan eskola komunitateko kide guztiek dute lekua eta parte hartzeko erantzukizuna: irakasleek, gurasoek, eskola-langileek eta ikasleek. Egun, Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko hainbat ikastetxe, guraso elkarte eta eskola-kide ari da Elkartean lanean, eta dauden eginbeharrak handiak bezain ederrak dira.

Denok  lagundu behar dugu guztiona den proiektu honetan, denon parte hartzea beharrezkoa baita, gogoan daukagun Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko:

  • Euskalduna eta eleanitza.
  • Autonomoa, pedagogian zein kudeaketan.
  • Langileen iraunkortasuna eta finkotasuna bermatzen duena.
  • Demokratikoa zinez, zeinean eskolako partaide guztiek (ikasleek, gurasoek eta langileek) aukera duten, proiektuan eta kudeaketan eragiteko eta erabakiak hartzeko.
  • Kalitatea ardatz duena, laikoa, hezkidetzan oinarritua, integratzailea; eta diskriminazio mota guztiak bazterturik, balioen hezkuntzan oinarritua.
  • Doakoa benetan eta pedagogia berrikuntzan aitzindari.

Euskal Herri osoko sare publikoko ikastolen eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzen dugu. Horretarako, “Euskaraz Mintza”, “Aixe Aisialdia” eta “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” hizkuntza-proiektuak, besteak beste, antolatzen ditugu,  egitasmo komunak bideratzeaz gain. Era berean, zerbitzuak eskaintzen ditugu, esaterako, aholkularitza juridikoa, guraso eskolak eta irakasleei zuzendutako prestakuntza jarduerak.

Egun, Nafarroako , Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hirurogei eta hamar ikastetxe eta beste hainbat guraso elkarte eta eskola-kide ari gara lanean, eta dauden eginbeharrak handiak bezain ederrak dira. Hortaz, zerorrek ere lagun dezakezu guztiona den proiektu honetan.

Gure eginbeharrak, lau hitzetan

  • Egungo sakabanaketa administratiboak gaindituz, Euskal Herri osoan eragina izango duen elkartea zabaltzea.
  • Irakaskuntzako gainerako agenteekin batera, Euskal Herri osorako Hezkuntza Sistema propioa lortzearen alde lan egitea, aurretik nahi dugun eredua guztion artean zehaztuta.
  • Koordinazio eza eta helburu komunen sakabanaketa berezko ezaugarri dituen Eskola Publikoan, ikastetxeak biltzen dituen sektore guztien elkarlana ahalbideratzea, alegia, irakasleen, gurasoen, ikasleen eta bestelako langileen arteko elkarlana; horretarako, eskola-komunitate osoko kideak Elkarte bakar batean biltzen ditugu, helburu komunen atzetik.
  • Ikastetxeen autonomia iparra izanik, bere proiektua garatzeko beharrezko dituen eskumenak lortzeko urrats berriak ematea.