Zer da Aixe?

Aisialdia, kudeaketa alorrean, alor didaktikoan, begiraleen lan baldintzak zein formakuntzaren alorrean hobeki lantzeko taldea osatzen dugu, beti euskararen erabilera sustatzeko asmoz eta guraso elkarteei, ikastetxeei zein udalei bete behar duten eginkizunetan laguntzeko, ordezkatu gabe, jakina.

Nortzuk osatzen dugu Aixe? Begiraleok, koordinatzaileok, aholkulari didaktikook eta arduradun batzordekideok. Kalitatea, haurrak euskaraz garatzea eta  langileen duintasuna uztartuz aurrera eramaten ari garen programarekin bat egiten baduzue, elkarrekin lan egiteko aukera irekia eskaini nahi dizuegu.

GURE IRIZPIDE NAGUSIAK

Euskara

Euskarak aisialdian oso dimentsio garrantzitsua hartzen du. Gure programa testuinguru ez formalean eta ez arautuan egiten da, eta giro ludikoak duen lehentasuna zainduz, euskararen erabilera hurbila lantzea dugu helburu nagusia.

Hezitzaileen profesionalizatzea

Hezitzaile euskaldunen lan poltsa osatu eta etengabe berritzen dugu.

Hezitzaileen prestakuntza

Gure langileei formatzeko aukera eskaintzen diegu. Hezitzaileei zuzendutako formakuntza ikastaroak antolatzen ditugu, honako gai hauek jorratzeko: euskara eta aisialdia, soziolinguistika mailako nozio orokorrak, aisialdiko ekintzen hiztegiak, didaktikari buruzko nozio orokorrak…

Hezitzaileen lan baldintzak

Begiraleei lan baldintza duinak eskaintzeaz gain, haien lan egoera erregularizatzea dugu helburu (kontratua, gizarte segurantza…)

Baliabide Zentroa

Hezitzaileek beren lana errazago eta eraginkorrago egin dezaten, baliabideak aurkituko dituzte bertan: unitate didaktikoak, programazioak, liburutegia…

GURE ESKAINTZA

AISIALDIAREN KUDEAKETA INTEGRALA, HAURREI ETA GAZTEEI ZUZENDUA

Aisialdia osotasunean garatzeko ekintzak eta ikastaroak eskaintzen ditugu, ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean, haurren garapen prozesua ahalik eta orekatuena izan dadin:

Ikastetxeei zuzendutako eskaintza. Eskolaz kanpoko ekintzak

Gaur egun kudeatzen ditugun eskolaz kanpoko ekintzak honako hauek dira: futbaltxoa, eskulanak, euskal dantzak, birziklapena, xakea, jolasak, ipuin tailerrak, informatika, saskibaloia, hip-hopa, musika, margolaritza, antzerkigintza, zirko tailerrak… Hala ere, gure asmoa proposamen berriak eskaintzea da, ikastetxeen behar zehatzak betetzeko asmoz.

Udalei zuzendutako eskaintza. Aisialdiko ikastaroak

Hainbat udalek aisialdiko ikastaro edo ekintzak programatzen dituzte, ikasturte osoan zehar zein uda partean. Ikastaro eta ekintza horiek kudeatzea eskaintzen diegu, eta eskaeraren arabera gure proiektuak egokitzea.

Helduen formakuntza

Gurasoei zuzendutako ikastaroak antolatzen ditugu.