Euskaraz Mintz@

Ikastetxearen hizkuntza plangintzak zuzenduriko helburu nagusiaren ildotik, geure kulturaren transmisio egokirako eta ikasleen garapen osorako bitartekoa den heinean, euskara ikas hizkuntza izateaz gain, bizi hizkuntza, eta, hortaz, harreman hizkuntza bihurtzea dugu Euskaraz Mintza programa honen helburu nagusia.

JUSTIFIKAZIOA   

  • Soziolinguistikoa.

Egoera soziolinguistiko normalizatu batean, eskolaren lana ikasleen ibilbide kulturala zuzentzea besterik ez da,  ikas-irakats hizkuntzakoak ez diren beste hizkuntza erregistro guztiak familiak edo lagun giroak ematen ditu eta.

Adin txikitan afektibitatea nagusitzen da, eta irakaslea da ia imitatu beharreko eredu bakarra. Handitzen den heinean, lagunen arteko harremanen garrantzia nagusitzen doa, baita lagunen eredu linguistikoa ere. Sozializazio garapenaren eraginez, erdarak eskaintzen dizkion erregistro hurbilak erabiliko ditu umeak. Ondorioz, erdara nagusi da ikasgela ez den gune horietan, eta geroago, institutuetako ikasgeletan ikasleen artean ere bai.

Ikastetxeek hutsune horretaz arduratu beharko dute, beste argudioen artean, gabezia horrek garapen eskolarra izugarri baldintzatzen duelako.

  • Irakaskuntzak jasotzen dituen faktore endogenoak.

Euskarak irakaskuntzan denbora gutxi darama, eta irakasle asko eta asko euskaldun berriak gara. Erregistro hauek eskaintzeko, orokorrean, arazoak dauzkagu geure baitan.

  • Irakasleak ikastetxeetan lanez gainezka daude.

Batez ere, euskal lerroetan murgiltze ereduak gainezka daudelako eta laguntzak, gure ustez, urriak direlako.

Horrexegatik, eta esperientzia modura, Euskaraz Mintza proiektua jarri dugu martxan. Helburu orokorra ikasleek euskaraz egitea da, eta horrela, aipatu bezala, ikasleei ama eta kaleko edota familiako hizkuntzak ematen ez dizkien erregistro hurbilak eskaintzen saiatuko gara. Betebehar hori propioki eskolakoa ez izan arren, uste dugu denon ardura bihurtzen dela murgiltze ereduetan (guraso ez euskaldunak dituztenentzat). Jolas ordu batzuen monitorizazioaren bidez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei lagunarteko hizkuntza erregistro arruntak eskainiko dizkiegu; gabezia hori gaindituz gero, euskararen erabilera gelatik kanpo posibleago egin ahalko dugulakoan baikaude.

Bitarteko gisa, jolas tradizionalak erabiltzea pentsatu dugu: batetik, parte-hartzea errazten dutelako; eta, bestetik, gaur egun erabiltzen ez direnez, ohitura linguistikoak ez direlako oztopo bihurtuko.  Horrez gain, egokiak iruditu zaizkigu, lehiakortasunik sortzen ez dutelako. Horrekin batera, jolasak berpizteko aukera ere bada, kirolen eraginez betirako gal ez daitezen. Bigarren mailako helburuak sortzen dira jolasen inguruan.

PROIEKTUAK LAU FASE DITU

  1. Formazioa. Irakasle, begirale eta bestelako langileei zuzendutako ikastaroak ematen dira. Ikastetxeko ziklo bakoitzeko irakasle banak derrigorrez beharko luke parte hartu, eta jantokiko nahiz beste langile batzuentzat irekiak izango dira ikastaroak.
  2. Jolas orduetako monitorizazioa (2000ko martxoan hasi zen sei ikastetxetan). Ikastetxe bakoitzean begirale batek ordu erdiko bi saio ematen ditu ikasleekin jolasten, eta beste ordu bat hainbat koordinazio mailatan, jolas bilketan eta proiektuaren garapenerako lanetan (ikus-entzunezko nahiz baliabide informatikoak lantzen)
  3. Gurasoentzako jolas tailerrak. 12 orduko ikastaroak ematen zaizkie nahi duten gurasoei, beren seme-alabekin euskaraz jolastu ahal izateko. Nahiz eta ikastaroa euskaraz izan, jolas egokiak antolatzen ditugu, guraso erdaldunek eta euskara maila txikia dutenek parte har dezaten.
  4. Ikastetxeen arteko harremanak. Herri kirolen inguruan, ikastetxeen arteko txapelketa antolatzen dugu.

IKASTAROAK

  • JOLAS TAILERRAK 

12 orduko ikastaroa da (12-20 lagunentzat), gurasoei, irakasleei, irakasle ez diren langileei edota bestelakoei begira egokitua. Ikastaroa, euskaraz izan arren, euskaldunei nahiz erdaldunei zuzenduta dago. Ikastetxean bertan (edota herrian) emango genuke, esperientzia zabala duten animatzaileen bidez. Oso ikastaro dinamikoa da. Material osagarria banatzen da.

  •  KONTU TXIKIAK

Zortzi orduko ikastaro motza da, gehienbat gurasoei zuzendua (Haur Hezkuntzako irakasleentzat ere interesgarria dela uste dugu). Haur txikiekin aritzeko euskal tradizioko baliabideak eskaintzea dugu helburu, otorduetan, garbitzerakoan, lo egiterakoan… erabili ahal izateko. Material osagarria banatzen da. Parte hartzaileen kopurua malguagoa da (8-20 lagun).

  •  JOLAS TAILERRAK ETA KONTU TXIKIAK

Bi ikastaroak ikastaro batean batzen dira. Ikastaroa 18 ordukoa da, lehen aipatutako helburu eta zehaztasun berberez eratua. Batuketa horrek bi ikastaro ezberdin horien egituraketari oreka puntu bat ematen dio.