Ikasle Euskaldun Eleaniztunak

2008. urtean Euskararen Kontseiluko kideez osatutako lan talde batek Euskal Herriko edozein ikastetxetan aplikagarri litzatekeen hizkuntza proiektu eredu osatu bat sortzeko lanari heldu zion.

Proposamen horrek euskara ikastetxeko eremutik haratago zabaltzeko beharra adierazten zuen, besteak beste. Euskara eta haren erabilera sustatzeko herria eta auzoa ere inplikatu behar zirela azpimarratzen zuen. Eskolak ezagutza bermatu behar du baina  ezin da hizkuntzen irla izan eta ikasleek euskarazko espazio eta aukera berriak izan behar dituzte ikastetxetik kanpo.

Azken urte hauetan proposamen teoriko hori praktikara nola eraman definitzea eta horren gida sortzearen beharra aztertu genuen gure elkartetik.

Azkenean, tamaina eta inguru soziolinguistiko desberdinetako ikastetxe “piloto” batzuk aukeratzea erabaki genuen (Donostiako Aitor ikastola eta Dimako Ugarana herri eskola). Kontseiluaren proposamena oinarri hartuz, prozesu honen bukaeran edozein tokitan praktikara eramateko Hizkuntza Proiektu gida lortu nahi dugu. Edozein auzo/herrian martxan jartzeko tresna bilakatuko den gida.

2012/13 ikasturtean proiektuarekin lanean hasi ginen eta ikastetxeak eta Egia eta Dimako ikastetxe, eragile zein lan taldeen arteko elkarlana bultzatuz, gure inguruko hizkuntzetatik at, euskararen presentzia eta bultzada lortzeko bidean ari gara buru-belarri.

Dimako Ugarana herri eskolan eta Aitor ikastolan hizkuntza proiektua izango dena, Diman eta Egian, herri/auzoko hizkuntza plana izango da.

Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak eremu pedagogikoa jasotzeaz gain, bereziki sustatu beharko luke auzo/herriko eragile, elkarte eta abarrekin egin beharreko elkarlana eta harreman-sareak sustatu eta zabaltzea du jomuga, bai, diagnosi garaian, bai, diseinu eta garapenean ere. Euskararentzako espazio eta aukera berriak lortu behar ditugu  ikastetxetik kanpo, hauek emango bait diote euskarari zor zaion lekua eta, eskola eta aisialdiaren arteko koordinazioa ezinbestekoa bada ere, gizartea bera euskaraz murgiltzen saiatu behar dugu.

Ezinbestekoa da eskola-komunitatea osatzen dutenei (irakasle,guraso, langile, …) eta herri/auzoko eragile eta herritarrei orokorrean orain arte hizkuntza ereduak oinarri izan dituen hezkuntza-sistema zergatik gainditu behar den azaltzea. Alegia, hizkuntza-plana diseinatzeko abiapuntua zein den argitzea eta bestetik,  arrakasta izan dezan inguruneko eragileekin adostutako proiektua, eta koherentea izatea.

2012/13 ikasturtean lehenengo faseari ekin genion. Diagnosia, sentsibilizazio lana eta baldintzak sortzeko fasea, hain zuzen. Hortik sortu genuen eguneroko lanean erabiliko ditugun hizkuntza ezberdinen egoeraren diagnosia eta hizkuntza proiektua antolatuko duen hezurdura.  2013/14ean bigarren fasean sartu gara.

TXOSTENATIK KONTUTAN HARTU BEHARREKO HAINBAT ALDERDI

1.- Zer da ikastetxeetako hizkuntza proiektua? Eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektuan biltzen dituen hizkuntzei dagozkien helburuak, edukiak eta metodologia jasotzen dituen proiektua, beti ere ikasle euskaldun eleaniztunak lortze aldera:

  • Hizkuntza bakoitzak eskola barruan izango duen funtzioa
  • Hizkuntza bakoitzak hartu behar dituen eremuak
  • Hizkuntza bakoitzaren irakaskuntzarekin noiz hasi
  • Ordutegian zein pisu izango duen
  • Hizkuntza irizpideak
  • Ikastetxea eta familiaren arteko harremanetarako hizkuntzak

2.- Horrez gain, bereziki sustatu beharko litzateke herriko eragile, elkarte eta abarrekin elkarlana eta harreman-sareak zabaltzea. Eskola ezin da isla bat izan eta  ikasleek euskarazko espazio eta aukera berriak izan behar dituzte ikastetxetik kanpo.

3.- Ezinbestekoa da ikastetxe bakoitzak bere neurriko proiektua diseinatu ahal izatea eta beti ere, ahalik eta parte-hartze zabalenarekin. Eskola bakoitzak autonomia behar du administrazioak hizkuntzen arloan zehazten dituen gaitasunak lortzeko bidea zehazterakoan, beti ere duen errealitatea kontuan hartuta (ikasle-familia tipologiak, ingurune soziolinguistikoa,… ).

4.- Euskara eta gaztelania  hizkuntza ofizialak dira Euskal Herriko lurralde batzuetan, baina, euskara hizkuntza gutxitua da.

5.- Zenbat eta ordu gutxiago eskaini euskarari eskolan, orduan eta gutxiago euskalduntzen dira ikasleak edo ez dira euskalduntzen.

6.- Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi baditugu, euskarak lehentasuna izan behar du. Euskarak izan behar du kasu guztietan eskola-hizkuntza.

7.- Haur Hezkuntzak hizkuntzen ezagutzan garrantzia izugarri du.

8.- Alde afektiboa asko zaindu behar, euskarara afektiboki gerturatu behar ditugu ikasleak, eta horretarako norberaren etxeko hizkuntza eta kulturarekiko errespetuzko jarrerak sustatu behar dira.

9.- Identifikazioa ere landu behar da, hizkuntzak espazio, pertsonekin identifikatzea.

10.- Ezinbestekoa da hizkuntza-helburuak mailaka eta etapaka zehaztea.

11.- Metodologiak bereziki zaindu beharko luke ahozkotasuna.

12.- Hizkuntza desberdinetako irakasleek, beren artean edukiak, metodologiak, hizkuntza-jarduerak etab. adostu eta koordinatu behar dituzte eta gainerako jakintza arloetako irakasleek hizkuntzak eskuratzeko egin behar dituzten ekarpenen kontziente izan behar dute. Ezin dugu ahaztu pertsonok hobeto ikasten dugula hizkuntza bat beste zerbait ikasten dugun bitartean.

13.- Eskola eta aisialdiaren arteko koordinazioa ezinbestekoa da.

14.- Ezinbestekoa da eskola-komunitatea osatzen dutenei (irakasle, guraso, langile…) eta herriko eragile eta herritarrei orokorrean azaltzea, orain arte hizkuntza ereduak oinarri izan dituen hezkuntza-sistema zergatik gainditu behar den azaltzea.  Alegia, hizkuntza-proiektua diseinatzeko abiapuntua zein den argitzea eta proiektua arrakastaz garatu ahal izateko proiektu adostu eta koherentea izatea.

 

PROZESUAREN DESKRIBAPENA

1.- Proiektua lantzeko sentsibilizazio-lana egin eta baldintzak sortzea

Helburu hori lantzeko eskolaren eta eskola kokatua dagoen herriaren arabera, bakoitzean egin beharreko lana egokitu beharko da. Izan ere, txostenean jasotzen denarekiko sentsibilizazio-maila eta proiektu arrakastatsu bat egiteko dauden baldintzak desberdinak izango dira leku batetik bestera.

Egin nahi den proiektuak, proiektu integrala eta adostasun zabalekoa izan behar duenez,  ezinbestekoa da eskolaz kanpoko sarea ere lantzea eta herritar eta eragileen inplikazioa hasieratik bilatzea. Horretarako ezinbestekoa da, txostenean jasotakoaren berri ematea eta guztiekin hausnartzea.

Lan hori beraz, eskola barruan eta kanpoan egin behar da. Kasu bakoitzean ahalegin berezia edo bilera bereziak egin beharko dira interes-talde edota eremu desberdinetan:  gurasoak, elkarteak + udala, irakasleak...

2.- Hizkuntza Proiektua landu:

Prozesua ikastetxe bakoitzaren ezaugarrietara egokitu. Ezin da gauza bera planteatu esaterako ikastetxe txiki edo handi batean.

Ikastetxe bakoitzean prozesua definitzeko eta urrats bakoitza norekin egin erabakitzeko hainbat pertsona-talde, talde horietako ordezkariak edota sortuta dauden hainbat egitura erabili ahal ditugu. Hona besteak beste zeintzuk izan ahal diren:

  • ESKOLAKOAK: zuzendaritza, klaustroa, etapako edota mailakako irakasleak, pedagogia batzordeak, gurasoak, langileak, ikasleak,…
  • HERRIKO ERAGILEAK + UDALA: garrantzia handia aisialdiarekin lotutakoak, euskara elkarteak,…
  • ADITUAK

Ezinbestekoa da ikastetxean proiektuaren arduraduna izendatzea.

Era berean ikastetxe bakoitzeko prozesuaren jarraipena egiteko talde-eragilea: proiektu-arduraduna, udaleko ordezkariak, Sortzen, …

Hizkuntza Batzordeak sortu ikastetxeetan, nortzuk parte hartuko duten erabaki: zikloetako, etapetako, arloetako ordezkariak, zuzendaritzakoak, gurasoak, ikasleak (adinaren arabera), herriko eragileak, etab.

Saioan landuko denaren arabera taldearen osaera alda daiteke. Esaterako, gogoeta-estrategikoa egiteko interes-talde guztien ordezkariak komeni zaizkigu, baina, eremu pedagogikoan hizkuntza-helburuak ezartzeko etapaka irakasleekin lan egitea, eskolaz kanpoko aisialdia lantzeko ikastetxeko ordezkariak, herriko elkarteak eta udala...

Batzorde honen lana izango da Hizkuntza Proiektua definitzea, horretarako honako urratsak eman behar dira:

  • Txostena oinarri hartuta, gogoeta estrategikoa egin: orain arte egindakoaren balorazioa egin (lorpenak, zailtasunak, beharrak...).
  • Diagnosiaren arabera Hizkuntza Proiektuaren marko orokorra zehaztu
  • Marko horren arabera, eremu pedagokioan etapa eta zikloetako helburuak zehaztu eta baita gainerako eskuhartze-eremuetako helburuak ere
  • Baliabideak eta bitartekoak definitu: prestakuntza, etab.
  • Plangintzaren/proiektuaren ebaluazioa finkatu
  • Sortuko diren proiektu-eredu horien emaitzen arabera, eredu horiei beharrezko egokitzapenak egitea, beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko

3.- Prozesuaren Balorazio-ebaluazioa

Egitasmo osoan zehar egingo dugu etengabeko ebaluazioa. Hori horrela izanda, amaieran prozesuaren eta emaitzen balorazio orokorra egingo dugu JARRAIPEN BATZORDEAN (ikastetxeetako arduradunak, Sortzen elkarteko arduradunak, Kontseilua) .